jueves, 27 de enero de 2011

TRATAMENDU BERRIAK

Aurkikuntza berri batek gibeleko zirrosia sendatzeko tratamendua diseinatzen lagunduko du.
Gehiegizko alkoholak eta beste hainbat toxinak gibelean zirrosia eragiten dute epe ez oso luzean. Infekzio batek edo toxinek gibelari eragiten diotenean, eragindako kaltea konpontzearren muskulu-zelulen hazkuntza aktibatzen da. Kaltea kronikoa bada, gehiegizko hazkuntza eragiten da, eta, denboraz, odol-hodia blokeatzen duen orbaina sortzen da. Egoera horretan, gibelak ez du behar adina elikagai jasotzen, eta horrek zelulen heriotza ekar lezake.
Hala ere, Kaliforniako Unibertsitateko ikerlariek proteina mezulari batek prozesu horretan zeresan handia izan zezakeela susmatu zuten, eta horren funtzioa ezagutzeko lanean jarri ziren. Antza, C/EBPB izeneko proteinak, fosforo-taldea batzen zaionean, kaspasak aktibatzeko gaitasuna eskuratzen du. Kaspasek gibeleko zelulen sorrera kontrolatzen dute, eta C/EBPBak aktibatzen dituztenean, zelulak bikoizteari utziko dio gibelak. C/EBPBari fosforoa batzen zaionean, ordea, zelulak sortzeari ekingo dio berriz, kaspasak aktibatzeko ahalmena galduko baitu.
Beraz, aipaturiko proteina hauek kontrolatuz gibeleko zelulen hazkuntza ere kontrolatu dezakegu, zirrosia ekidinez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario